AGENCIA PARA EL ACEITE DE OLIVA

Menu Principal

Contenido

OSASUNA ETA KULTURA

flecha Kultura
Usadioak eta bitxikeriak

OLIBA OLIOAREKIN EGINDAKO SENDAGAI HERRIKOIAK:
Sukarraren kontrako ekintza: Sukarra murrizteko. 60 g olibondo-hosto lehor egosten dira ordu-laurden batez. Salda horren hiru kikara hartzen dira egunean. Bestela, 60 olibondo-azal 250 g alkoholetan (elikatzeko erabil daitekeen alkohola) beratzen ere jar daitezke, eta 20 tanta hartu behar dira egunean hiru aldiz.
Laxantea: Idorreri kasuetan pare bat koilarakada txiki oliba-olio gordin har daitezke baraurik.
Odoluzkiak: Arintzeko, 30 g olibondo-azal egosten dira ur litro bakoitzeko. Egosketatik lortzen den urarekin eraginpeko zona garbitzen da.
Ebakiak, zauriak edo azaleko beste edozein afekzio sendatzea: 30 g olibondo-hosto lehor egosten dira ur litro bakoitzeko. Egosketatik lortzen den urarekin eraginpeko zona garbitzen da.
Ebakiak orbaintzea: Oliba-olioa ardo beltzarekin eta eztiarekin nahasten da, denetatik kopuru bera hartuta, eta nahasketa orbaindu beharreko ebakiaren gainean zabaltzen da. Nahasketa hori oso orbaintzaile ona dela esaten da.
Azazkalen zainketa: Pare bat hatz oliba-olio edalontzi batean jarri eta azazkalak bertan bustitzen dira, egunean behin 5 minutuz, lotara joan aurretik.
Azazkaletako ildaskak: Lotara joan aurretik, oliba-olioarekin masajea ematen zaie azazkaletako kutikulei.
Oinetako nekea arintzea: Oliba-olio tanta batzuk esku-azpian bota eta oinetan masajea eman.
Belarrietako ezko-tapoiak: Oliba-olioak ezko-tapoiak bigundu eta, ondoren, ateratzen laguntzeko balio du. Oliba-olio tanta pare bat belarriaren barrualdean jarri eta kotoiarekin estaltzen da belarria. Gau osoan lan egiten utzi, eta hurrengo goizean kotoia kendu eta ur beroa botatzen zaio orratzik gabeko xiringa berezi batekin.
Hortzoi mingarriak: Haur txikiei hortzak ateratzean hortzoiek eragiten duten urduritasuna eta mina arintzeko. Hortzoietan igurtziak egiten dira oliba-olio pixka batekin.
Rosacea: Sintomak hobetzeko edo agerpena atzeratzeko, oliba-olioarekin hiru edo lau minutuko masajeak egiten dira egunero.
Zurrungak: Ez dago zurrungen aurkako behin betiko erremediorik, baina lagun diezaguke. Ontzi hermetiko batean 50 g erruda jarri eta oliba-olioa gehituko diogu estali arte. Nahasketa hau beratzen utziko dugu 14 egunez leihoaren leihoburuan, eguzkitan egunez, eta ihintzetan gauez. Denbora hori igarotakoan, iragazi eta ontzi ilun batean gordeko dugu, bere propietaterik ez hondatzeko. Lotara joan aurretik eman behar da, hiru zonatan: sudur-hegaletan, lepoan eta garondoan.
Hipertentsioa: Tentsio altua murrizteko, olibondo-hostoen infusio bat hartu behar da bazkaldu aurretik eta beste bat afaldu aurretik.
Gibeleko, maskuriko eta giltzurrunetako kalkuluak: Horiek kanporatzeko, edalontzi-erdia oliba-olio eta anana berdearen xerra-erdiaren zukua hartu behar dira nahasita. Nahasketa hori baraurik hartu behar da 6 hilez behin. Oliba-olio koilarakada bat 2 edo 3 limoiren zukuarekin ere har daiteke 3 orduz behin.
Betertzeko zimurrak: Ur-bainuan 3 koilarakada oliba-olio, koilarakadatxo bat argizari birjina eta koilarakadatxo-erdia kakao-gurin berotu. Hoztu eta gehitu bi koilarakada arrosa-ur. Pasta lodi bat eratu arte eragin, eta pasta hori betertzeko zimurretan eman.
Azal lehorrentzako krema: Nahasi 2 koilarakada oliba-olio ur-bainuan likidotutako bi koilarakada lanolinarekin, eta azalean eman.
Hondatutako ilea: Ileak ile-apainketako tratamendu eta produktuen ondorioz galdutako bizitasuna eta distira berreskuratzeko eta bere edertasun naturala itzultzeko. Nahikoa da ilean oliba-olio tanta batzuk ematea eta olioari efektua egiten uztea. Xaboia eman baino 10 minutu lehenago ipini behar da.
Artritisa - erreumatismoa: Ukendu bat egiten da 25 cl oliba-oliorekin eta kamamila-lore lehorrekin. Nahasketa ur-bainuan berotzen da ordu eta erdiz, hozten uzten da eta iragazi egiten da. Ondoren, zopa-koilarakada bat kanfor eta 3 koilarakada 60 º-ko alkohol nahasten dira. Nahasketa hori gehitzen zaio aurreko infusioari. Artikulazioen gainean lokalki aplikatzen da masajea emanez, egunean 2 aldiz.

OLIBONDOAREN INGURUKO BITXIKERIAK
MITOLOGIA
Olibondoa: bakearen eta adiskidetasunaren sinboloa
Olibondoak landatzearen inguruko lehenengo adierazpenak Kristo aurretik sei mila urte ingurukoak dira eta, itxura guztien arabera, lehenengo landatzeak Libano, Siria eta Israelen egin ziren. Horregatik dio Bibliak, Noek usoa askatu zuenean, mokoan olibondo-adar bat hartuta itzuli zela arka edo ontzira. Litekeena da uholdearen hondamendiak hil ez zuen landare-espezie bakarra izatea. Beharbada horrela, antzinako kristauentzat olibondoa bakearen adierazgarri bihurtu zen, gaur egun mokoan olibondo-adar bat duen usoarekin gertatzen den bezala.
Greziako mitologiak ere olibondoa aipatzen du testuetan. Izan ere, bertan esaten da, behin, Poseidonek eta Palas Ateneak greziarren kolonia bat berenganatu nahi izan zutela. Eztabaida argitzeko, Olinpoko jainkoek koloniako biztanleei dohaintza bat egiteko eskatu zieten bi lehiakideei. Horrela, Poseidonek, bere hiruhortzaren kolpe indartsu batekin, lurretik zaldi bat (kemenaren adibide) agertzea lortu zuen eta horrekin armada guztiak garaiezin bihurtuko zituela adierazi zuen. Bestalde, Palas Ateneak olibondo bat agerrarazi zuen, bertatik olioa ateratzeko, olioa gizakien elikagaia, argi-iturria, oparotasunaren sinboloa, zaurietarako sendabidea eta gantzutzeko olioa izaki. Dohaintza horiek ikusita, Olinpoko jainkoek jakinduriaren jainkosa zen Palas Atenearen aldeko epaia eman zuten eta, bere omenez, Atenas hiria fundatu zen.
TRADIZIOAK
Olio-xaboia
Ohikoa zen, duela gutxira arte, errotek edo olio-errotek, olioaz gain, patsa edo xaboia ere ekoiztea. Hori gorabehera, produktu hau etxeetan arropa garbitzeko, norbere garbitasunerako eta zauriak desinfektatzeko egiten zen. Erle-argizariarekin nahastuta, "pomada" egiten zen edo aurpegia eder izateko erabiltzen zen eta, olioa koloniarekin eta bale-espermarekin nahastuta, berriz, "croqué" xaboia egiten zen.

Gaur egun metodoak txundituta ditu ekologistak, erabilitako olioa aprobetxatu eta birziklatzeaz gain, produktu toxiko hau ibaien ibilguetara kontrolik gabe isurtzea saihestu ere egiten zelako.

Xaboiaren errezeta erraza da. Sukaldean erabilitako hiru litro oliba-oliori beste hainbeste ur eta kilo-erdi sosa kaustiko gehitzen zitzaizkion. Lehenik eta behin, pixkanaka ura eta sosa nahasten ziren eta erreakzioak bero handia sortzen zuen. Hoztean, olioa gehitzen zitzaion apurka-apurka, irabiatzeari utzi gabe, loditu arte. Ondoren, moldeak bailiran, zurezko erretilu handietan jartzen zen. Gogortu ondoren, moztu egiten zen, xaboi-pastillaren forma emanda. Batzuetan, anil-hautsa gehitzen zitzaion xaboiari itxura erakargarriagoa emateko.

Lan hori bereziki emakumeek egiten zuten. Mendearen hasieran, ez zen olioa hain maiz xahutzen. Neskatxak olio-errotara joaten ziren hustubideetan uraskan jalkitzen zihoazen material arreen bila. Uretan, gai koipetsu bat geratzen zen esekita eta hori zumezko ontziekin "arrantzatzen" zen. Gai hori egosi egiten zen; jalkinak baztertu egiten ziren eta esekita geratutako gainerakoa aprobetxatzen zen: hain zuzen ere, gai horietatik ateratzen zen xaboia zen preziatuena, bere kalitateagatik, olio garbiarekin egindakoa baino are gehiago.
Oliba-olioa eta kosmetika
Oliba-olioa funtsezko osagaia da edertasunaren eta kosmetikaren arloan, ezaugarri hidratatzaile eta antioxidatzaile zenbatezinak baititu.

Gaur egun, oliba-olioa helburu kosmetikoetarako erabiltzen da ile-maskara ugaritan eta krema hidratatzaile eta esfoliatzaileetan. Esan dezakegu oliba-olioa gure ohituretatik eta gure kulturatik oso hurbil dagoen onura-iturri naturala dela. Oliba-olioak ezaugarri kosmetiko ugari ditu, horien artean honako hauek:
Azalaren hezetasun-maila berriztatzen du, oliba-olioak oinarrizko gantz-azido ugari baititu.
Azalaren mintz zelularrak berritzen ditu, azido oleikoaren eraginari esker.
Masajeak ematerakoan gorputz-emoliente gisa erabiltzen da.
Epidermisa indartu eta sendotasuna ematen dio.